HAMAIKA ENTZUTEKO! III. Irrati-piezen deialdiko irabazleak

Ezkerretik eskuinera, Manex Urruzola eta Jaione Askasibar epaimahaikideak; Hala Bedi Irratiko Ainhoa Villaverde, Iker Estévez , Mikel Huarte, Javier eta Dover, saridunak; eta Lourdes Gutierrez epaimahaikidea.

Ezkerretik eskuinera, Manex Urruzola eta Jaione Askasibar epaimahaikideak; Hala Bedi Irratiko Ainhoa Villaverde, Iker Estévez , Mikel Huarte, Javier eta Dover, saridunak; eta Lourdes Gutierrez epaimahaikidea.


Casares Irratiak eta Donostia Kulturak antolatutako HAMAIKA ENTZUTEKO! III. Irrati-piezen lehiaketako sariak gaur banatu dira Victoria Eugenian. Sari nagusia Mikel Huarte kazetariak irabazi du “Javier y Dover” lanagatik; euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Gasteizko Hala Bedi Irratiarentzat izan da “Ahobelarri” lanagatik; eta aipamen berezia jaso du Iker Estevezen “Ausikiak” lanak.

Deialdira aurkeztutako piezen artean, epaimahaiak aho batez erabaki du “Javier y Dover” izan dela onena. Pieza honek Javierren istorioa kontatzen du: ikusmenik izan ez arren, frontoira joaten da Javier, Dover txakurrarekin, partiduak ikustera. Hau esan du epaimahaiak: “Pieza magnetikoa da, harrapatu egiten zaitu duen benetakotasunak. Pieza entzutean protagonistaren azalean jartzen zara. Eta magia ere badu, entzumena beste zentzumenekin lotzeko moduagatik”. Bestalde, soinu-baliabideak zein ongi ustiatu dituen azpimarratu dute, eta, azkenik, baita ematen duen mezua ere. Hala, Mikel Huarte Maisterrenak, “Javier y Dover” piezaren egileak, 800 euroko saria jaso du.

Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, “Ahobelarri” piezarentzat izan da. Bidaia berezi bat kontatzen du pieza honek: hitzek irrati-esatari baten ahotik entzulearen belarrietaraino iristeko egiten duten bidaia. Epaimahaiaren esanean, “originala da, didaktikoa eta entzuleari keinu politak egiten dizkio”. Gainera, jarraitzeko eta ulertzeko erraza dela, eta lokuzioa oso ona dela azpimarratu dute. Gasteizko Hala Bedi Irratian egin zuten “Ahobelarri”, eta haientzat izan da 600 euroko saria.

Azkenik, Iker Estevez Martinezen “Ausikiak” lanari aipamen berezia egitea erabaki du epaimahaiak. Izan ere, azpimarratu dute, teknikoki oso ondo egina egoteaz gain, teknologiaren erabilera oso interesgarri bat dakarrela pieza honek. Mugikorrarekin entzuteko diseinatuta dago, eta pieza bera aurikularrekin eta aurikularrik gabe entzunda, oso desberdina da entzuten dena. Bere lan bereziaren ondorioz ausiki beldurgarriak dituen pertsonaia baten lekukotza dakarkigu fikziozko pieza honek.

Ivoox-en ezaugarriengatik ezin dugu pieza bere horretan jarri hemen (norbaitek eskuratu nahiko balu, eskatu casaresirratia@gmail.com helbidera). Baina, honela entzungo litzateke aurikularrekin:

Eta hau da aurikularrik gabe entzungo litzatekeenaren simulazio bat:

Hauek izan dira lehiaketako epaimahaikideak: Jaione Askasibar, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia sailaren zuzendaria, Lourdes Gutierrez Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria, eta Manex Urruzola, Elhuyarko Komunikazioa Unitateko zuzendaria.

Epaimahaikideek eta antolatzaileek eskerrak ematen dizkiete deialdian parte hartu duten guztiei, eta bide horretatik jarraitzera animatu. Eta gogorarazten dute, gainera, Casares Irratiko baliabideak nahi duenaren eskura daudela, horretarako.

Erantzun bat “HAMAIKA ENTZUTEKO! III. Irrati-piezen deialdiko irabazleak” bidalketan

  1. Pingback: ‘Hamaika entzuteko!’ irrati piezen lehiaketan parte hartzeko epea ireki dute

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>