HAMAIKA ENTZUTEKO! IV. Irrati-piezen deialdiko saridunak

DSC04310Casares Irratiak eta Donostia Kulturak antolatutako HAMAIKA ENTZUTEKO! IV. Irrati-piezen lehiaketako sariak gaur banatu dira Victoria Eugenian.

Sari nagusia Maider Segurola eta Lander Eizagirre kazetariek irabazi dute “Hiriko oihartzunak” lanagatik. Horrez gain, bi aipamen berezi eman dira; bat Iñaki Beraetxeri, “Soundtrack: soinubanda eta poesia” lanagatik, eta bestea Jon Obeso, Jose Luis Padrón, Ekain Pérez, Maider Gorostegi eta Joserra Senperenari, “Metzger e Hijo” lanagatik.

Deialdira aurkeztutako 29 piezen artean, epaimahaiak aho batez erabaki zuen “Hiriko oihartzunak” izan dela onena. Hau esan du epaimahaiak: “Pieza originala da, lehiaketaren filosofiarekin guztiz bat egiten duena. Gauza txikiak kontatzen ditu, baina beti interesgarriak, ezezagunak, gertukoak, eta bata bestearekin oso ongi josiak. Pieza entzutearekin batera bidaiatu egiten dugu, puntu batetik bestera eramaten gaitu”. Hala, Maider Segurola Dorronsorok eta Lander Eizagirre Letamendiak, “Hiriko oihartzunak” piezaren egileek, 800 euroko saria jaso dute.

Aipamen berezietako bat “Metzger e Hijo” piezarentzat izan da. Epaimahaiaren esanean, maila tekniko handiko lana da, eta ekoizpen bikainekoa; istorioan oso erraz sarrarazten gaituena. Primeran irudikatzen dira zereal-soroak, eta sentitu egiten da giro itogarria. Gidoia Jon Obeso Ruiz de Gordoarena da, zuzendari artistikoa Jose Luis Padrón Plazaola izan da, ahotsak Ekain Perez Rezolak eta Maider Gorostegi Alirik jarri dituzte, eta musika Joserra Senperena Anabitarterena da. 300 euroko saria jaso dute.

Eta beste aipamen berezia Iñaki Beraetxe Illarretaren  “Soundtrack: soinubanda eta poesia” lanarentzat izan da. Epaimahaiak azpimarratu du fikziozko irratsaio honek proposatzen duen soinuen eta poesiaren arteko jokoa benetan ederra eta originala dela. Horri gehitu behar zaizkio hasieratik harrapatzen gaituen ahotsa eta poemaren indarra (Paddy Rekalderen “60 urteko gaua”).

Hauek izan dira epaimahaikideak:  Idoia Elso Irazola, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria; Nagore Irastorza Artola, Donostia Kulturako Kultur Ekintzako teknikaria; eta Manex Urruzola Arrate, Elhuyarko Komunikazioa Unitatearen zuzendaria.

Epaimahaikideek eta antolatzaileek eskerrak ematen dizkiete deialdian parte hartu duten guztiei, eta bide horretatik jarraitzera animatu. Eta gogorarazten dute, gainera, Casares Irratiko baliabideak nahi duenaren eskura daudela, horretarako.

Erantzun bat “HAMAIKA ENTZUTEKO! IV. Irrati-piezen deialdiko saridunak” bidalketan

  1. Pingback: Irrati-antzerkia: "El sueño de las manos rojas" - CASARES IRRATIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>